Bezeroa
Cederna Garalur eta Baztango Udala
Urtea
2023-2024
Baztango Udalak proiektu pilotu bat sustatu zuen Baztango zahar-etxeko elikadura eraldatzeko eta sukaldaritza kolektiboko eredu osasungarriagoa, jasangarriagoa eta lurraldearekin lotuagoa lortzeko. Prozesu aitzindaria izan zen, eredu-aldaketa hori egin duen Nafarroako lehen zahar-etxea baita.
Miruatik eskuz esku aritu ginen haiekin batera, zahar-etxearen, sukaldearen eta menuen beharren diagnostiko batetik abiatuta. Ondoren, elikadura-irizpide osasungarri eta jasangarriak definitu eta menurako proposamen berriak diseinatu genituen, zahar-etxeko kideen behar ezberdinetara egokituta.
Aldi berean, Cederna Garalurrekin aritu ginen elkarlanean tokiko lehen sektoreko eskaintza eskuragarria identifikatzeko lanean, bertako ekoizpena eta zahar-etxeko beharrak elkarri lotzeko eta beren menuetan tokiko produktu gehiago sartzeari bide emateko.
Proiektuari esker, elikadura kolektibo osasungarriago eta jasangarriago baterako oinarriak finkatu ditugu, baita zahar-etxearen, lehen sektorearen eta tokiko elikadura-sistemaren arteko harremana indartu ere.
